Ignacio Uria gogoan.
Danon Artean atalean argitaratua.
Ignacio Uria gogoan.
1- EUSKAL HERRIAN XXI. MENDEAN HERIOTZA ZIGORRA INDARREAN
Juridikoki, Heriotza Zigorra estatuak herritarrei ezartzen deutzen gaztigua da. Gaur 137 estatuek abolituta eta 60ek indarrean deukie. Espainiak 1995ean abolitu eban. Formalki sektore politiko guztiak abolizio honegaz bat egin arren, ETAk ondiño indarrean mantenduten dau. Euskal Herrian, XXI. mendean errealitate mingots hau bizi dogu: Heriotza zigorra era abstraktuan gaitzetsi arren, eragiten deuena ETA bada, sektore sozio-politiko batzuetan, onarpen edo tolerantzia maila zabala deukala.
• larrabetzuko danon artean-ek heriotza zigorraren abolizioa aldarrikatu gure dau, eskubide hori bortxatzen duen ETAren aurrean eta bortxaketa hori era konplazientean ulertzen duen edonoren aurrean.
• Esan gure dau, indarkeri politikoa, gatazkaren ondorioa baino gehiago, gatazkaren iturrietatik bat dala, gizarte apurtzailea eta sufrimendu pertsonal familiar eta sozialaren hedatzailea.
2- TAMALGARRIAK, SALAGARRIAK ETA BAZTERGARRIAK
Bada, ETAk eragiten dituen kalteak, gatazkaren ondorio tamalgarri edo penagarri moduan ulertzen duenik bakarrik. Kalte honeek ez dira salatzen edo desagertzeko aldarrikapenik egiten, bestaldetik gobernuaren errepresio politikoa dagoela argudiatuz. Sentidu bai, sentiduten dira baina, arrazoi politiko sakonak kontuan hartuz toleratu egiten dira.
Ideia honeeri jarraitu ezkero, torturaren praktika edo atxiloketa errepresiboak, tamalgarriak izango letekez, penagarriak, baina ez salagarria edo baztergarriak, atzean terrorismoaren eragina dagoela argudiatuz. Sentidu bai, sentiduten dira baina, sakoneko arrazoi politikoak eta sozialak kontuan hartuz, toleratu egiten da.
• Zer garen, esaten dogunagatik erakusten dogu; eta isiltzen dogunagatik be bai. Danon artean-ek, hilketa, tortura, lehergailua, mehatxu politikoa, eta era berean genero indarkeria, tamalgarriak eta penagarriak direla esan gure dau, salagarriak eta baztergarriak be badirela isildu barik.
• Herritarrak ez dabe gaitzespen hitz potolo eta tinkoen beharrik. Hitz arruntak behar dira ETA-ri eskatzeko, lan politikoa bakean egiten uzteko, sufrimendu gehiagorik ez sortzeko eta ekintza eta mehatxu politiko edo ekonomikoak behin betiko baztertzeko.
• Sentidu honetan, danon artean.eri eredugarria irudituten jako 2008ko abenduaren 4an Ekologistak martxan-ek Ignazio Uriaren hiketa salatuz, argitara emon dauen agiria. Bertan esaten dana, arlo politiko guztietara eroango balitz beste paradigma batean lan egingo geunke guztiok. Danon artean-ek ez dau garaipen gloriosorik gure, heriotzez, lehergailuz eta mehatxuz zipriztindutako kaminoak hartu behar badira.
3- ERREPRESIOA ETA INDARKERI POLITIKOAREN ONDORIOAK
Inguru politiko eta sozial batzuetan, guerra, el héroe, guda, aberria, gudaria, la patria, ikurriña, armak, heroia, el soldado, el servicio, la bandera, helburu sakratu moduan hartzen dira eta, zilegizkoa den indarkeria politikoaren bidetik defendatu behar dira. Halako ideiak, funtzionario eta herritar batzuen sentimenduetan barru barruan sartuta dagoz eta ondorioz, politika eta indarkeria lotuz, mehatxua, tortura, hondamena, eta heriotza sortzeko prest dagoen jendea ataraten da.
• Gobernuen errepresio jardueretan eta, aipatutako indarkeriaren apologia legitimista egiten dabenen artean topeu behar dira, gazte eta famili askoren sufrimenduaren iturria eta ez, errepresioa eta indarkeri politiko guztien salaketa egiten daben talde eta pertsonen inguruetan.
2008ko, abenduaren 18a